top of page
Search
  • Writer's pictureBisubi fundazioa

BISUBI MANIFESTUA



BISUBI FUNDAZIOA & GASTROUTOPIA MANIFESTUA


Gure lurraldearen hazkunde eta sustengarritasunaren alde, Bizkaian funtsezko helburu gisa ageri zaizkigu -ziurgabetasun garaiotan inoiz baino nabarmenago- bai susperraldi ekonomikoa eta baita bertako jendearen garapen integrala eta haren ongizatea ere. Zentzu horretan, badakigu gure etorkizunaren trakzio ardatz nagusietako bat GASTRONOMIA dela.


Gaur hemen Bilbon, BISUBI, BIZKAIKO SUKALDARIEN FUNDAZIOA aurkeztuko dugu. Bizkaiko 100 sukaldarik baino gehiagok bultzatutako fundazioa, pertsonekiko eta lurraldearekiko dugun konpromisoa erakusteko:


• Testuinguru sozioekonomiko honetan, atzean geratzen ari diren pertsonen garapen sozial eta komunitarioan lagundu nahi dugulako;

• Beren karrerak eta bizi-proiektuak garatzeko zailtasunak dituzten pertsonen ibilbide profesionalean onerako eragin nahi dugulako;

• Gastronomiarekin zerikusia duten eta norabide berean ahalegintzen ari diren hainbat eragileren lana aitortu eta ikusarazi nahi dugulako, gizarte justuago eta iraunkorragoa eraikitzeko.

• Gure gastronomia nazioartean kultura-nortasunaren osagarritzat hartua izatea ere nahi dugulako, gure lurraren gizarte-, kultura-, enpresa- eta ingurumen-eraldaketan eragiteko dugun gaitasunaren bidez.


Horregatik, gaur sukaldariek gidatutako nazioarteko mugimendua aurkeztera gatoz, gastronomia jasangarriagoa eta sozialki arduratsuagoa sustatzen duena, eta GASTROUTOPIA izenarekin bataiatu dugu: sukaldarien nazioarteko mugimendu bat da, gastronomia jasangarri eta unibertsalaren aldekoa.


Mugimendu honek zera bilatzen du; aldaketarako tresna egokia denez gero, GASTRONOMIA bideratua izatea sozialki justuago, jasangarriago, osasungarriago eta, zergatik ez esan, zaporetsuago ere izango den mundu baterantz.


Konpromisoa hartzen dugu GASTROUTOPIAri ekiteko, elkarri ikasitakotik abiatuta eta baita munduko gastronomia-profesional guztien lan eta jakintza ona aintzat hartuta ere. Gure sukaldeetan izateko, egoteko eta egiteko modu bateratu berri bat posible delako: iraunkortasun integralaren aldeko eguneroko prozesu eta harreman guztiak xehe-xehe zaintzeaz gain, gure lanbidea aitortua izan eta duintzeko aukera ere emango digulakoan.

Horregatik gaur hemendik, Bilbotik, GASTROUTOPIA mugimendua abiarazten dugu, laster bidaide naturalak planetako edonon aurkituko dituen itxaropenarekin, gure modura gizarte-justiziaren eta ingurumen-errespetuaren koordenatuetatik gastronomia lantzeko garaia iritsia dela uste dutenen artean.


Gure gaurko gogoa, gainera, haratago doa, ibiltzen hasi ahala Gastroutopiak lehen urratsa gurekin batera eman duelako, berriki. Izan ere, zera aurkeztu nahi dizuegu ere, orain eta hemen; berritzaile eta erreferente bilakatu nahi lukeen proiektu gastronomiko guztiz ezohikoa, ondorengo helburuak dituena; batetik, balio ekonomiko eta soziala sortzea; bestetik, Bizkaiko pertsona, erakunde sozial, kultural, enpresarial eta politikoen eraldaketan eragitea.


UTOPIA JATETXEAZ ari gara, aurrekaririk gabeko proiektua:


• Pertsona guztiei esperientzia gastronomiko duina bizitzeko aukera ematea helburu duen jatetxea delako

• Esperientzia gastronomiko berezi horren baitan, UTOPIA jatetxera joango diren mahaikideen ehuneko handi batek ez du ordainduko menua, inork ez dakiela nor ordaintzen ari den eta nor ez.

• Estigmarik gabeko gune bat sortzea dugu xede, gastronomia demokratizatzeko helburu nagusiarekin, hiritar askorentzat gizarteratze eta prestakuntzarako gune ere bilaka daitekeena.


Utopia jatetxea Bilboko erdigunean egongo da. Sukaldeko eta aretoko talde propioa izango du, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten profilentzako trebakuntza- eta prestakuntza-gune gisa, esan bezala, balioko duena. Gainera, astero Bizkaiko sukaldari batek modu pertsonalizatuan diseinatutako proposamen gastronomiko bat eskainiko da bertan, 52 ASTE/52 SUKALDARI formularen bidez. Menu honek goxotasuna, unibertsaltasuna eta oreka uztartuko ditu lehengaien eta energiaren erabileran.

UTOPIA Jatetxea Fundazioak abian jarritako lehen proiektua da eta aurrerantzean beste asko ere garatuko ditugu, soka berari lotuak: espazio irekiak sortu, prestakuntza-, kultura-, arte- eta ikerketarako. Bizkaiko gastronomia erreferente gisa ager dadin balio ekonomikoa eta soziala errespetuz eta era jasangarrian lantzen eta sortzen dutenen artean.


Horregatik guztiagatik, guk, Bizkaiko sukaldari profesionalok, dei egiten diegu Bizkaiko sukaldari guztiei nahiz kanpotik etorrita gure lurraldean sukaldari gisa lan egiten duten pertsonei, mugimendu honekin bat egiteko, gure lanbidearen gaitasun eraldatzaileari balioa eman eta kalitatezko gastronomia demokratizatu nahi dugulako.

Parentesi bat egin nahi dugu besarkada estu bat bidaltzeko gaur gurekin hemen egon ezin duen lagun bati besarkada estua bidaltzeko: “Manu Jugo, zurekin gaude”. Errekuperatu bezain pronto, hemen itxarongo zaitugu besoak zabalik.

Azkenik, erakunde publiko eta pribatu guztiak gonbidatu nahi ditugu proiektuarekin bat egitera. Dagoeneko gure erakundeen eta inguruko hainbat enpresaren babesa dugu, baina ziur gaude askoz gehiago direla aukera-berdintasuna bermatuko duen Bilbao-Bizkaia kohesionatuagoa lortzeko helburuarekin bat egiten dutenak.


Hau BISUBI FUNDAZIOA da, konpromisoen eta aukeren ekosistema oso bat, helburu duena gertakizunak gertaraztea: arduraz jokatu eta gure profesionaltasuna balioestea, sinergiak sortu eta ideia berriak garatzea, prestakuntza eskaini eta pertsonak gaitzea.

Hemen gaudenok gastronomia jasangarritik eta planetarekiko errespetu osoz jarduteko konpromisoa gure egin eta zabalduko dugu: BISUBI, jendeaz, jendearentzat eta jendearengandik sortua.


1 view0 comments

Comments


bottom of page